Feeds:
Posts
Iruzkinak

Dendariarena (bi)

Aurrekoan nioen denda bat izanez gero, dendaria ere beharrezkoa dela bezeroekin hartu emanak izateko. Orduan elkarrizketa nuen hizpide, erosketa aurreko fasea. Baina gainerako faseak ere funtsezkoak dira.

Sarean dendaria izateaz gain, eroslea ere izana naiz (bidaiak, elektronika kontuak, liburuak, kamisetaren bat, domeinu bat …). Ezin dut esan danetik gertatu zaidanik, baina bai gauza xelebreak gertatu zaizkidala.

Aspaldi, dexenteko ohitura nuen gure herriko liburudenda ezagun baten webgunean liburuak erosteko. Urteetan zehar zenbait erosketa eginak nituen, inongo arazorik gabe. Behin ordea, liburu pare bat jasotzeko hilabete pasatxo itxaron behar izan nuen (aukeratutako bidalketa epea baino hiru edo lau aldiz gehiago). Azkenean jaso nituen. Geroztik ez dut beraien web orria erabili, zergatik? Ez zidaten abixatu atzerapenekin zebiltzala. Ez zidaten bidali barkamenak eskatzeko mezurik ezta, edota hurrengo erosketan ez dakit zenbat jetsiko zidatela salneurria. Ezertxo ere ez.

Neroni hori pasata nagoenez, gurean, atzerapen luzeren bat izatekotan bagaude, bezeroa abixatzen ahalegintzen gara. Baten batek pentsa lezake ez duela ezer konponduko, atzerapena saihestea dela soluziorik onena (hau bai tipo argia!!). Hori argi dago, baina jendearen aurrean argi eta garbi jokatu beharra dago, egia esanaz: “espero ez genuen atzerapen bat izan dugu eta ahal den azkarren konpontzen ahaleginduko gara”. Ez dugu gauza gehiegi konponduko, baina bezeroa zertxobait ulerkorragoa izan daiteke, edota enpresaren partetik informazioa eman nahia ikus dezake.

Motxean:

  1. Bezeroekin elkarrizketa proaktiboa: gustora geratzeko aukera gehiago.

Dendariarena

Dendaria

Ondoan dagoen amona irribartsu hau ez dakit nongo dendaria den. Pertsona bat galdezka joaten zaionean ea zein tomate prijitu marka den hoberena bere gomendioa ematen dio. Edota bere dendan komuneko papera non dagoen erakusten dio noraezean dabilen bezeroari. Denda hortan bada pertsona bat bere bezeroaz (singularrean hobe) arduratzen dena.

Denda horretan sartuz gero, bezeroa lasai ibil daiteke, nahiz eta bertan, litekeena den ez aurkitzea entsaladari bota nahi diogun Modenako ozpinik.

Sarritan pentsatzen dudan gauzetako bat da interneta eta benetako mundua oso antzekoak direla. Sarean denda bat jartzen badugu, dendaria ere behar dugula. Egunero galdera pila bat iristen zaizkigu gure emailera gure denda dela eta. Asko eta asko, zentzugabeak edo kuriosoak, bederen: ea ba ote ditugun literarik, gurpildun kamila baten bila dabiltzala, Ekuadorgo altzarigilerik ezagutzen ote dugun (honekin barre pixkat egin nuen), … Hau da, gure weba pixkat begiratu izan balute erraz lortzeko moduko erantzunak.

Eta zer egin halako galderen aurrean? Ba erantzun!! Lasai lasai hartu hamar bat minutu egunean, eta edukazioz idatzi asko sentitzen duzula baina ezin diezaiokezula lagundu. Nola jakin etorkizunean ez ote diren etorriko gure webgunera benetan eskaintzen dugun zerbait erostera? Badaezpada, hobe da irudi ona ematea. Eta gogoan izan, bezeroak 5 minutu “galdu” ditu zuri idazten, zuk ezin al dituzu galdu erantzun labur bat ematen?

Zenbaitzuk diote web 2.0 fenomenoa ez dakit ze teknologietan oinarritua dagoela. Bai egia da, egun badirela zenbait tresna jendearen partehartzea bultzatzen dutenak. Baina web 2.0 hori, sareko denda baten kasurako, belarriak eta ahoa ondo zabalik izatea da, bezeroekin solasteko.

Horixe da!! Cluetrain Manifesto: merkatuak elkarrizketak dira!! Bai sarean eta baita okindegian ere!!

Motxean:

  1. Denda birtual bat denda fisiko baten oso berdintsua da.
  2. Interneten denda bat jarriz gero, dendaria ere behar da.
  3. Dendan sartzen den jendearekin solastu egin behar da.

Halaxe da, guztiak du bere hasiera (baita bukaera ere, baina hori enuke aipatu nahi), eta blog hau hastearen zergatien atzean azken 15 bat hilabeteetan ikasitako erakutsi nahia zegoela komentatu nuen. Ez dakit maisua izatearena barnean eramaten ote den. Akaso, egunen batean maisua izaten buka dezaket, hala ere, Julenek komentatzen dituen horietatik oooso urrun nago.

Zertara dator hau? Ba hemen hasten dugun  lezio sesioa irakurtzerako orduan, lasai hartu, azaltzen dudana nere iritzia da, zurea beste bat dela? ba komentatu ezazu, zenbat eta ideia gehiago … hobe!!!

Zergatik?

Galderak egitea erraza da, zailena erantzunak ematea da. Ondo pentsatuta ez dakit zergatik hasi naizen blog hau idazten. Laneko kontuetaz askatasun osoz hitzegin nahi nuke, Indubriken egiten ari garenaz, eta orohar interesgarriak iruditzen zaizkidan beste zenbait esperientzia, ideia edota gaiz ere jardun nahi nuke.

Zergatik “Biharra”? Gure herrian hala deitzen zaio lanari, biharra edo beharra. Benetan, behar al dugu ordea lana egitea? Beti esan izan ohi da lana egitea ona izan balitz, ez luketela trukean dirurik emango. Baina kontuan hartuz gero bizitzako zati handi bat beharrean pasa behar dugunez, hobe gustuko zerbaiten bila jardutea, ezta?

Zein mezu bidali nahi nuke? Mezua mezua…ez dakit ba mezurik ba ote dudan. Badakidana da Indubriken aurrera atera nahian gabiltzan esperientzia berri xamarra izan daitekeela zenbaitzurentzat, eta bidean gauza dexente ikasi ditugula. Baten batek hasi ginenean kontatu izan balizkigu…ez dakit burukomin gutxiago izango ote genituzkeen, baina agian ez liratezkeen horren gogorrak izango!

Zergatik WordPress? Probatzeko gogoa neukan. Lanean Blogger erabilita nengoen, gustora nabil, baina zerbait berria probatu nahi nuen. Gainera irakurria neukan herraminta kuriosoa zela, eta kuriosoa kuriositatearen atzetik dabilenez…

Zergatik euskaraz? Zor niolako euskarari. Lanean webgunea eta bloga erdaraz daudelako. Gainera, erdaraz blog pila bat daude hamaika gai ezberdini buruz. Euskara tresna bezala erabiliz, euskal blogosfera ezagutzeko asmoa daukat.

Eta zergatik ez? Zergatik ez dut bada kontatuko gure esperientzia horren itxiak omen garen izaera hau alboratuz. Nik ideia bat ematen badiot norbaiti eta beste norbait horrek beste ideia bat ematen badit niri, ez gara aberastuko baina sorbalda gaineko kobazulo honetan pittin bat argi gehiago sartuko da.

« Newer Posts