Nola lagun diezaioke blog batek interneten saltzen duen enpresa bati?
Demagun interneten altzariak bilatzen ari naizela, erosteko asmoarekin (zaila da sinistea motel, baina bazegok jendea altzariak zuzenean ikusi gabe erosten dizkikena!). Orokorrean Google jarriko luke lanean gustuko altzariak aurkitu arte.
Azken bi urteetan saltseatzen ibili ostean aurkitu ditudan altzarien salmentarako webguneak nahiko estatikoak izaten dira, oso gutxitan eguneratuak. “Azken berriak” bezalako atalean sartu eta duela hilabete batetako berria aurki dezakegu, edota “2006.eko urriaren 4an eguneratua” bezalako testuren bat.
Konfesatu beharra daukat Indubriken webgunean halako zerbait gertatzen zela bloga sortu arte. Azken berrien eta oferten atala ia eguneratu gabe geneukan. Gainera atal honetan ez da jartzen berria noizkoa den.
Orain iruditzen zait bloga bi asmok bultzatu zutela (blogekiko dudan “afizioaz” aparte, noski): batetik bezero eta erabiltzaileekin beste era batean mintzatzeko gogoa (gardentasuna?) eta bestetik Indubrik bizirik dagoen proiektu bat dela adieraztea bertan erosteko zalantzan dagoen jendeari.
Argi dago oraindik jendea ez dela fidatzen altzariak internetez erosteaz, baina agian bat baino gehiagok aurrera egitea erabakiko zuen noizean behin argitaratzen ditugun bezeroen argazkiak ikusi eta gero. Argazki horiek adierazi nahi dutena zera da, iada badagoela jendea pauso hori ematera ausartu dena, altzariren bat erosi digula.
Horretaz gain, zenbat enpresak daukate blog bat Gipuzkoan? eta Euskal Herrian? Ondo, orain kendu zerrenda horretatikĀ informatika enpresak, web orriak egiten dituztenak, marketing-eko enpresaren bat… zenbat geratzen dira? Zorionekoa zu enpresa hauei blog bat saldu nahi badiezu: izugarrizko merkatua daukak aurrean, baina asko kostako zaik txo!!
“Blog batek ez du nire enpresarentzako balio”. Agian ez, baina hauetakoren bati agian bai:
- Liburudenda bat: blog bat azken berriak komentatzeko, liburu berriak proposatu, komunitate bat sortu, …
- Zapata denda bat: blog bat iritsi zaizkien azken zapaten argazkiak erakutsiz, komunitatea sortu, …
- Neska edo mutilentzako arropa denda: azken produktuak, azken berriak, komunitatea…
- Bigarren eskuko autoen salmenta: dauzkaten autoen argazki bloga, …
- Lore denda edo lorategiak egiten dituen enpresa: egindako azken lanak erakutsi eta komentatu, sasoiko loreei buruzko informazioa, …
- Mendiko eta orokorrean abenturetarako materiala saltzen duten dendak: berdintsu…
- Argazkilariak: hauek aspalditik dituzte argazki blogak.
- Herriko antzokia edo zinema: etorri behar diren filmak iragarri eta informazioa eman, berriak, komunitatea, …
- …
Honaino iritsi bazara zuk daukazu zuk pazientzia nire txapa hau jasateko!


