Galderak egitea erraza da, zailena erantzunak ematea da. Ondo pentsatuta ez dakit zergatik hasi naizen blog hau idazten. Laneko kontuetaz askatasun osoz hitzegin nahi nuke, Indubriken egiten ari garenaz, eta orohar interesgarriak iruditzen zaizkidan beste zenbait esperientzia, ideia edota gaiz ere jardun nahi nuke.
Zergatik “Biharra”? Gure herrian hala deitzen zaio lanari, biharra edo beharra. Benetan, behar al dugu ordea lana egitea? Beti esan izan ohi da lana egitea ona izan balitz, ez luketela trukean dirurik emango. Baina kontuan hartuz gero bizitzako zati handi bat beharrean pasa behar dugunez, hobe gustuko zerbaiten bila jardutea, ezta?
Zein mezu bidali nahi nuke? Mezua mezua…ez dakit ba mezurik ba ote dudan. Badakidana da Indubriken aurrera atera nahian gabiltzan esperientzia berri xamarra izan daitekeela zenbaitzurentzat, eta bidean gauza dexente ikasi ditugula. Baten batek hasi ginenean kontatu izan balizkigu…ez dakit burukomin gutxiago izango ote genituzkeen, baina agian ez liratezkeen horren gogorrak izango!
Zergatik WordPress? Probatzeko gogoa neukan. Lanean Blogger erabilita nengoen, gustora nabil, baina zerbait berria probatu nahi nuen. Gainera irakurria neukan herraminta kuriosoa zela, eta kuriosoa kuriositatearen atzetik dabilenez…
Zergatik euskaraz? Zor niolako euskarari. Lanean webgunea eta bloga erdaraz daudelako. Gainera, erdaraz blog pila bat daude hamaika gai ezberdini buruz. Euskara tresna bezala erabiliz, euskal blogosfera ezagutzeko asmoa daukat.
Eta zergatik ez? Zergatik ez dut bada kontatuko gure esperientzia horren itxiak omen garen izaera hau alboratuz. Nik ideia bat ematen badiot norbaiti eta beste norbait horrek beste ideia bat ematen badit niri, ez gara aberastuko baina sorbalda gaineko kobazulo honetan pittin bat argi gehiago sartuko da.


